XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Puntalen bertan genuen hurrengo eta azkeneko arazoa: Prantziko partean xendarmeak nola?, bada halatsu karabineroak; eta emakumeontzat, matronak.

Ez ziguten apenas inoiz kasorik egiten, ez musu-bapoak ginelako noski, eskupekoa asmatu zenetik oker asko zuzendu delako baizik.

Gainera oraingoan Beninorena geneukan.

Tiroa zergatik, galdetuko ziguten; Dupont madarikatu hura burutik egina zegoelako seko, erantzungo genien.

Guk etxekoei abixoa eman bitartean kontu egin ziezaiotela erregutuko genien; ezin ziren horretara ukatu.

Hala guk lasai hustuko genituen gure barrenak behar zen tokian.

Gaitzerdi, beraz, Benino gizajoaren kalamidadea....

Dena erdiz-erdi asmatu genuen.

Bottetik zazpirok nola edo hala bettittu, karabinero kaxotara igo eta hauen eta matronaren aurrean guzti horretaz, pausoz-pauso, ederki ari ginela, hara non hasten den berriro karraxika nire perikito petrala: - Trrramando-(kon)trrrabando!... trrramando(kon)trrrabando!!!.

Kantuan ez zekiena, lehen frantsesez eta orain gazteleraz!?? Nere artean: bejondeiola!.

Gainera nola bereiztu, ordea, bilaba arraio harek, ejrrre frantsesa lehen eta errre espainola orain... nola, ordea?! Deabrua, halakoa!.

- Trrramando-(kon)trrrabando...!!!.

Ez zela isilduko! Akabo: han egin zuen ordurarteko gureak.

Karabineroetan ere ez ziren denak gure jokukoak (...).